
Bertatik bertara
Atal honetan, bertatik bertarako kontaktua da bilatuko dena. Hori horrela, herri kirolen inguruan hitz egiten, informazioa bilatzen eta elkarbanatzen aritu ondoren, haurrei herri kirolak gertuagotik eta modu zuzenago batean ezagutzeko aukera eskaintzea proposatzen dugu. Interesgarria izango liteke herri kirolariren batekin kontaktuan jartzea edo herri kirolen mundua gertutik ezagutzen duen norbaitekin geratzea. Esanak esan beraz, herri kirolak gertutik ezagutzen dituen norbaitekin hitzordu bat jartzea da atal honetan proposatzen duguna.
Hitzordu hori aurrera eramateko ikastolaz kanpoko eremuren bat erabiltzea gomendatzen dugu, izan ere, horrela haurrek esperientzia modu aberasgarriago batean biziko baitute ziurrenik. Gainera, pertsona horri edo horiei, herri kiroletarako erabiltzen duten materiala erakusteko eskatu ahalko zaio edo zaie, eta haurrek materiala ikusteko eta ukitzeko aukera izanez gero, gertukoagoa sentituko dute prozesu eta esperientzia guztia eta kirolari horren bizitza ere hurbilago sentituko dute.
Esanak esan baina, herri kirolaria edo herri kirol aditua den pertsona horri eskolaz kanpoko esparru batera bisita egiteko aukera egongo ez balitz, herri kirolaria ikastolara ekartzeko aukera ez dugu baztertu nahi, izan ere, beti izango baita aberasgarria jende desberdinaren bisita jasotzea. Hori horrela, bisita egiteko lehentasuna eskolaz kanpokoa izatea gomendatzen dugu baina horretarako aukerarik ez badago, bisita eskolan egitea ez dugu baztertzen.
Hortaz gain, hitzordu horretan, naiz eta eskolan edo eskolaz kanpo izan, haurrei herri kirol zehatz horretan aritzeko aukera eskaintzea gomendatzen dugu. Horrela esperientzia gertuagokoa izan dezaten. Hala ere, litekeena da egokitzapenak egin behar izatea, izan ere, ez baita egokia herri kirolari batek egiten duen hori 5-12 urte bitarteko haur bati zehatz-mehatz egiteko eskatzea. Hori horrela, gomendatzen duguna zera da: bisita edo hitzordu hori gauzatu aurretik, herri kirolariarekin hitz egin eta haurrak herri kirol hori probatzeko zer nolako egokitzapena egin dezaketen hitz egitea (adibidez: harri jasotzean, pisu txikiagoko harri bat erabiliz; arraunean, trainerua atera beharrean beste txaluparen bat erabiltzea; giza probaren kasuan, giza probarako erabiltzen den estrukturarekin bakarrik ibiltzea. Hala ere, kontuan hartu estruktura horrek ere pisua duela eta ekintza hori egin ala ez egin gelako haurren ezaugarrien arabera erabaki beharko da.; segaren kasuan, sega txikiagoak erabiltzea.; etab.).
Aipaturiko guztia aurrera eraman aurretik, hitzordu hori gauzatzeko ekintza fitxa bat betetzea gomendatzen dugu. Hona hemen ekintza fitxa baten eredua:

Ekintza fitxa hori beteaz, hau da, ekintzaren helburuak, indikadoreak, prozesua, etab. zehaztu ondoren, hezitzaileak argiago izango du ekintzaren nondik norakoa eta errazagoa izango zaio ekintza aurrera eramateko beharrezko duen hori zer den jakitea.