
Irakasleen formakuntzarako informazioa.
Hezitzaileek, herri kirolen arloan jakin beharko luketen oinarrizko informazioa
Zer dira herri kirolak? Nondik datoz herri kirolak? garai batetik gaur egunerako prozesua zein izan da? Apustuen ingurukoak...
Nafarroako herri kirol federazioak (2010) aipatu bezala, herri kirolak baserriko lanari loturik dauden kirolak dira eta baserriaren bizimodua eta lana dira haien oinarri. Garai batean, euskal herriko arbasoek mota ezberdinetako lanak burutu behar izan zituzten beraien familiak aurrera ateratzeko, besteak beste, baserriak eraiki behar izan zituzten, egurra egin, ikatza sortu, lurra landu, belarra moztu, uztak garraiatu, etab. Herri kirolen jatorria bada, aipaturiko lan horietan datza. Kirol horiek beraz, euskal herrian sortuak izan dira eta bertako bizimoduari lotuta daude.
Urteak aurrera joan ahala, herri kirolek eboluzionatu egin dute eta gaur egun Herri kirolak Herri Kirol Federakundeak arautzen ditu. Guztira hamalau modalitate inguru bereizten dira, besteak beste, sega, aizkora, txingak, trontza, sokatira, ingudea, lokotxak, orga jokoa, zaku lasterketa, lasto fardoa jasotzea, idi probak harri zulatzaileak eta giza probak. Hala ere, Herri Kirol Federakundea sortu baino lehen apustuak gidatu ditu kirol hauek, baina pixkanaka, kirola egituratzearekin batera, apustuaren garrantzia gutxitu egin da (indar gutxiagorekin bada ere, gaur egun apustuak egin izan dira). Aipaturiko kirolek esfortzu handia eskatzen dute, Nafarroako herri kirol federazioak (2010) esaten duen bezala "indar erakustaldiak" dira eta iraupen luzekoak izan ohi dira.
Ze herri kirol modalitate daude? Zein dira ezagunenak? Ze funtziori erantzuten zioten garai batean (jatorria)? Ze material behar izaten da? Zein dira ospetsuak bakoitzean?
Aizkora
Etzanda edo zutik jarritako enborrak ebakitzean datza aizkorak. Ohikoena baina, ebaki beharreko enborra etzanda kokatzea izaten da eta kasu horretan aizkolaria enborraren gainean kokatu ohi da aizkorarekin goitik beherako ibilbidea eginez. Proba gehienetan enborrak erdibitzeko denbora hartu ohi da kontuan, eta besteak beste, enborra ea nork azkarrago erdibitzen duen begiratzen da. Hortaz gain, noiz edo noiz, probak aizkorakaden araberakoak ere izan ohi dira, hau da, aizkorakada gutxien emanez ea enborra nork ebakitzen duen begiratuz (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Trontza
Trontza deituriko kirolean, neurri zehatz bateko enborrak ebaki behar izaten dira trontzaren laguntzarekin eta lan hori azkarren ea nork egiten duen baloratzen da. Horretarako binaka egiten da lan (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010). Enborra astoa deituriko estruktura batean kokatzen da etzanda eta bertan lotu egiten da. Enborraren bi aldeak mozten dira trontza deituriko zerra baten laguntzaz. Trontza horrek bi helduleku eta hortz zorrotzak ditu enborra ebakitzeko.
Harri jasotzea
Pertsona batek inolako laguntzarik gabe, hau da, bere indarra erabiliz harri bat jaso beharko du. Jasotze hori lurretik sorbaldarainokoa izan ohi da, zehazki, sorbaldan lurretiko horizontaltasuna lortu artekoa. Harria ezingo da jasotzailearen sorbaldaren aldeetara edo atzeko aldera atera, izan ere, hori gertatuko balitz ez litzateke jasoaldia onartutzat emango. Harriaren jasoaldia beraz, kirolariaren aurreko aldetik egin behar da eta atera ere, jasotzailearen sorbalda aurretik atera beharko da lurrean kokaturiko zaku lodi batean lurreratu arte. Jasoaldia gauzatu ahal izateko, jasotzaileak altxaldia gauzatzeko atseginen duen arropa erabili dezake (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Lasto altxatzea
Pertsona batek lasto fardo bat altuera batera altxa beharko du ahalik eta altxaldi gehien eginez bi minutuko tartean. Trebezia eta ausardi handia eskatzeaz gain, izugarrizko energia eskatzen du. Kirolariak lau metroko altuerara igotzen dira sokarekin eta kontu handia eduki behar izaten dute, izan ere, sokari gaizki helduz gero eskuak erretzeko eta mina hartzeko arriskua egoten baita (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Orga jokoa
Izenak berak dioen bezala, orga jokoan, orga edo gurdi baten beharra izaten da. Gurdi horrek, punta leku finko batean izaten du kokatuta eta pertsona batek gurdia atzeko aldetik altxa behar izaten du. Behin gurdia altxatutakoan, mugarik gabeko denbora tartean eta gurpilek lurra ukitu gabe, ahalik eta buelta gehien ematen saiatu beharko da jokalaria (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Ingude altxatzea
Ingudea burdinazko pieza pisutsu bat da eta kirol honetan pieza hori gora eta behera eraman behar izaten da ahalik eta azkarren. Lurrean burdin bat egoten da eta goian beste bat (estruktura bat egoten da prest ingude altxatze probetan aritzeko)eta ingudearekin beheko burdina ukitu ondoren goikoa ukitu behar izaten da. Kirolaria estrukturari bizkarra emanda kokatzen da eta ia segundoro jasoaldi bat egin behar izaten du (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Zaku lasterketa
Kilo kopuru bateko zaku bat bizkarrean harturik, distantzia jakin bat ahalik eta azkarren burutu behar izaten da zaku lasterketetan. Ohikoena taldeka jokatzea izaten da (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Txingak eramatea
Txingak esku banatan harturik ahalik eta distantzia luzeena egin behar izaten da. Bi txingek pisu bera izan behar dute. Txapelketetan proba kirolariak gehiago ezin duenean amaitzen da, hau da, mugarik gabeko denboran kirolariak distantzia luzeena egiteko helburua izango du baina gehiago ezin duenean proba amaitutzat emango da. Txingak eramaten aritzeko, gorputz postura egokia mantentzea garrantzitsua izango da, izan ere, pisu handiarekin ariko baita kirolaria korrika (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Lokotx biltzea
Ilaran kokaturiko lokotxak saski batean sartu behar izaten dira ahalik eta azkarren eta ondoren berriro ere lehengo lekuan kokatu behar izaten dira. Lokotxak banan bana bildu eta jarri behar izaten dira eta taldeka jokatu ohi den arren, txandaka jokatzen da. Lokotxak bata bestearengandik 1.25 metroko tartean kokatzen dira (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Sega
Aurretik zehaztu ohi den denbora tarte batean, segaren laguntzaz ahalik eta belar kilo gehien moztu behar izaten da. Belar kirola ondoren pisatu egiten da eta emaitza horren arabera erabakitzen da (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Idi probak
Aurretik zehaztu ohi den denbora tarte batean, plaza kopuru gehien egiten saiatu beharko dira idiak harri bati tira egiten dioten bitartean. Plaza egiten dutenean, buelta eman behar izaten dute eta berriro ere beste aldera begira jarri behar dira. Buelta emandakoan, harriak plaza bukaerako marraren gainean geratu behar du, bestela plaza ez da kontatua izaten. Giza probaren antzekoa da baina idiak dira harriari tira egiten diotenak. Normalean probetan binaka lehiatzen dute idiek eta bi, hiru edo lau idi bikotek hartzen dute parte.
Sokatira
Sokatiran bi talde ibili ohi dira bata bestearen aurkako lehian. Taldeak lau edo zortzi pertsonaz osatuak izaten dira eta gehienezko pisu orokorra aurretik zehaztua egoten da (horren araberako taldeak egiten dira normalean). Txapelketa gomazko azalera baten gainean egiten da eta taldeek sokaren mutur banari heldu eta tira egiten diote. Sokaren erdian zinta bat egoten da eta zinta hori norberaren aldera hurbiltzea izaten da helburua. Behin zintak aurretik zehazturiko tartea igarotakoan proba amaitutzat emango da. Hortaz gain, txapelketei dagokienean gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketak egon ohi diren arren, mistoak ere izaten dira. (Nafarroako Herri Kirol Federazioa, 2010).
Txapelketak nola izaten dira?
Euskadiko Herri Kirol Federazioak eremu autonomikoan kirol modalitateari dagozkion jarduera eta txapelketak sustatzen, kalifikatzen, baimentzen, agintzen eta antolatzen ditu. Hala ere, badira ofizialak ez diren txapelketak ere, horiek normalean herriko jaietan eta euskal jaialdietan ematen dira, giroa sortzeko eta parte hartzea sustatzeko asmoarekin.
Gaur egun herri kirolak nola daude?
Gai horren inguruan iritzi ezberdinak aurki daitezke. Alde batetik, egoera kritikoan daudela dio Aitor Esnaolak. Beste alde batetik, oraindik ere iraungo dutela dio Bengoak. Alabaina, Aldalurrek herri kirolak gaixorik daudela dio, hots, batzuk besteak baino grabeago egonik gainera, ia-ia galdurik.
Egoera horri buelta emateko baina, denak iritzi bera dute. Denen ustez eskoletan eskua sartu behar da. Horrela, herri kirolen ingurukoak haurrei erakutsi eta horri lotuta, herri kirolek jarrai dezaten haurrentzako eskolak sortzea. Horrela, generazio ezberdinetako pertsonei eta gehienbat haurrei, gure historiaren parte izan den zati handi bat transmititzeko aukera egongo litzateke.
Zein da ikastoletan berau lantzeko arrazoia?
Garai batean baserri giroaren eta familiaren transmisioari esker egiten zena egiteko, gaur egun herri kirol eskolak sortu behar dira Erasunek aipatu bezala. Alabaina lehenengo eta behin ikastetxeetatik herri kirolekiko ezagutze prozesua ematen hasi behar da, nola baina? Bada, Esnaolak aipatu bezala, oinarri oinarritik abiatu behar dugu. Ikastetxeetan zerbait erakargarria eskaini behar da eta egokitzapenak egin behar dira, izan ere, ikastetxeetan ezin baitira herri kirolak bere horretan txertatu. Eskoletan kirol horiekiko ezagutza transmititzen bada, etorkizunean herri kirola egitea ahalbidetuko duen heziketa bat ematen ariko ginateke eta hori litzake giltza herri kirolak bere horretan gal ez daitezen. Horrela bada, herri kirolen arloak burua altxa dezan lehenengo oinarri sendo bat ezarri beharko litzateke eta horretan lanean badabil jendea baina eskolen laguntza eskatzen dute. Prozesua, eskolen laguntzarekin abiatu beharko litzateela diote batzuk, alabaina hamar urteko haurrari ezin zaio herri kirolaria izan dadin planteatu, izan ere, lehenik eta behin oinarria landu behar baita. Hori horrela, lehenik eta behin haurrak jolasera animatu beharko dira eta akaso bertatik aterako da herri kirolen munduan jarraitu nahi duenik. Jarraitu nahiko luketen horientzat beste pausu bat prestatu beharko litzateke, alabaina eskolak oinarri-oinarrizko keinu hori eginda aukera gehiago egongo lirateke haur eta gazteak herri kirol munduan motibatzeko (Herri kirolak zulotik atera nahian, 2007) .
BIBLIOGRAFIA
Herri kirolak zulotik atera nahian. (2007). Herri kirolak. Larrun. ARGIA, 2.066. zenbakiarekin banatua.
Nafarroako Herri Kirol Federazioa. (2010). Herri kirolak. Sareko lotura: https://www.herrikirolaknafarroa.org/modalidades.php [Azken bisita: 2017/01/13].